Nortzuk gara

Duela urte batzuk bat hainbat auzokide bildu ginen kezka baten bueltan: Erripagañan euskaldun asko bizi ginen, baina euskarak ez zuen gure auzoan behar besteko espazio eta presentzia. Pandemia eta gero, leihoz leiho elkarri begira egon ostean, kalean elkartzeko eta euskaraz erlazionatzeko eta saretzeko beharra ikusi genuen. Horretarako, euskara eta euskal kultura bultzatzeko ekimenak antolatu eta horren inguruan elkartzen hasiko ginen.

Bost lagun elkartu ginen lehenengo bilera hartan sortu zen lehenengo proposamena. Gabonetarako aste gutxi falta ziren eta Olentzerori gutuna bidaltzeko festa antolatu genuen, ur deposituaren gainaldean postontzi bat jarri eta linterna eta lastargiz lagunduta kalejiran abiatuko ginen haurren gutunez josita. Txokolatea eta txorizoa eskainiko genuen, Astonautaren emanaldia… Ziurgabetasun handiz prestatu genuen, ez genekien zenbat jende elkartuko ginen, baina arrakastatsua izan zen oso.

Lehenengo proposamen hori etorriko zirenen aurrekaria izan zen, jendeak euskararen inguruan elkartzeko gogoa zuen eta auzoak emandako erantzunak hurrengoetarako bidea egin zigun. Hainbat ekimen antolatu genituen urteak eskaintzen zigun agendari jarraituz; Agate deuna, inauteriak, Korrika festa, arimen gaua…

Orain taldean hamar bat lagun gaude baina inguruan jende askok parte hartzeko prest dagoela erakutsi digu. Burlatako euskara teknikariarekin elkarlanean ari gara eta hemendik aurrera gure urteko egitaraua ohiko ospakizunez gain, bestelako proposamenetara zabaldu nahi dugu; hitzaldiak, haurrentzako zinema, auzoko jaiak… Gure helburua auzoa euskararen bidez kohesionatzea da eta horretarako euskarari merezi duen presentzia eskaini nahi diogu. Oso pozik gaude orain arteko ibilbidearekin eta guztion artean auzo euskaldun bat sortzea espero dugu.

Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta funtzio hauek ditu, besteak beste: gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea, edo gure taldeari laguntzea webguneko zer atal iruditzen zaizkizun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen.